XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.3. Hiketako aditza Hiketako aditzak erabilera desberdinak ditu, nora joaten zaren Euskal Herrian, P. de YRIZARek (1981), besteak beste, argi aski seinalatu duen moduan.

Baztanen ere, jakina, erabilera berezia du eta ez da zuketako aldakiak bezain hedatua gaur egun.

Laburki bederen paratuko ditut hemen erabilera honen ezaugarririk garrantzizkoenak: 1) Lehenengo ta behin, euskara atzerakada izugarriak egiten ari baldin bada Baztanen, hiketako formetan galtze hau guztiz nabarmena da, Lekaroz izanik gaur egun forma hauek oraingoz bizirik dirauten herria.

Dena den, hogei urte baino gazteago den jendearen artean, euskaraz egiten badute orainokoan, aldaki hauek guztiz nahasita eta galdu hurrenak daude, formarik sinpleenak kenduz gero.

Horretan desberdintasun handia dago 20-30 urteen artean dauden gazteekin konparatzen baldin baditugu eta are handiagoa 30 urtetik gorakoen artean.

Hauek aise errazago erabiltzen dituzte hiketako forma hauek.

2) Hiketako aditzak, hala ere, ez du alderdi haietan beste lekuetan izan dezakeen zentzu txar edo peioratiborik.

Nire ustetan, forma hauek erabiltzeko gai diren gazteek maiteago dute hau, zuka egitea baino.

3) Mutilek elkarren artean hitzegiteko erabiltzen dute hiketakoa.

Nik ez dut inoiz ere ezagutu emazteki gazteei horrela mintzatzerik eta gainera, nahiko itsusitzat hartuko genuke hori.

Hala ta guztiz, noizbehinka entzun daitezke hitanoka 50 urtetik gorakoak, herrietan bizi ez badira, batez ere.

Dena den, pertsona hauek nahiko bakanak dira.

4) Neskek elkarri beti zuka.

5) Diodan bezala, sexuak markatzen ditu edo markatu izan ditu orain arte hiketa eta zuketako aldakiei dagozkien mugak.

Hori horrela izanik, ez da harritzeko senar-emazteak elkarren artean hitanoka aritzea, hori baldin bada ohitura, hots, ezkontzak ez ditu ohitura hauek urratzen, beste tokietan legez.

Hala ere, seme-alaben aitzinean zuka eginen dute gehien batean, elkarrekin hasertu artio: (...).